mandalak eta modeloak koloreztatzea
Nola erabili?
Mandala zientifikoak modu askotan erabili daitezkeen arren, guk bi modutan erabiliko ditugu: bata gaia landu aurretik, eta bestea ondoren. Tartean, edukiak barneratzeko eta ikasleen modelizazio prozesuan laguntzeko koloreztatu daitezkeen irudiak ere eskainiko ditugu.
1
1. Mandalak koloreztatu: gaia hasi aurretik
Kasu honetan, guk sortutako mandalak eskainiko dizkiegu ikasleei, eduki zientifikoen etengabeko lanketan etenaldi bat eginez, arreta osoz lan egiteko, burua argitu bitartean. Mandalak margotzearen onurak jasotzeaz gain, ikuspegi zientifikotik nahiz arte hezkuntzako ikuspegitik landuko da mandala bakoitza.
Natur zientzien ikuspegitik
Kontzeptu konplexuen asimilazioa eta memorizazioa areagotzea
Margotu ondoren, ikasleek hainbat galdera landu ditzakete mandalen irudietan oinarrituta:
- Zer identifikatzen duzue marrazkian?
- Zer datorkizue burura?
- Zer lotura ikusten duzue elementuen artean?
- …
Arte hezkuntzaren ikuspegitik
Marrazketak ustez eskatzen duen -abileziaren presioa kendurik koloreekin jolasteko modu bat
- Arauak zehaztu daitezke mandala margotu aurretik: kolore monokromatikoekin, harmonikoekin, kolore osagarriekin edo bestelakoekin margotzea. Ondoren, hurrengoa azter daiteke: zer sentsazio eragiten dute hala margotutako mandalek?
- Koloreak nahi bezala aukera daitezke eta, ondoren, ikasleek haien lanak argudiatzea (egileak) eta analizatzea eska daiteke (guztien artean).
Motrizitate fina lantzeko jarduera izan daiteke
Irudian arreta jartzeko modu bat izan daiteke
2
2. Modelo zientifikoak koloreztatu: gaia lantzeko
Eduki mota honek, ikasleek eduki konplexuak modelizatzeko izan ditzaketen zailtasunak gainditzea du helburu.
Zientzien didaktikan, modelo zientifiko bat errepresentazio bat da. Horri esker, sistema bat sinplifika daiteke haren funtsezko ezaugarrietan zentratu eta fenomeno zientifikoak azaltzeko eta aurreikusteko. Modelo zientifikoek, beraz, fenomeno konplexuak sinplifikatzea eta haiek errezago ulertzea dute helburu (Godoy, 2018). Oro har, zientzien irakaskuntza ez da bideratu ikasleek modelo mentalak ezagutu eta kontzienteki eraikitzera (Eugenio eta Alzate, 2013).
Modeloak zer diren hobeto ulertzeko, adibide gisa, “uraren zikloa” azaltzen duen irudia erabil daiteke. Izan ere, ziklo hori azaltzea helburu duen errealitatearen sinplifikazio bat baita. Errealitatean oso zaila da uraren zikloa inguruan identifikatzea halako eskema edo irudirik gabe.
Zergatik egin ariketa hau?
Bada, ikasleek zailtasunak izan ditzaketelako begi hutsez ikusi ezin diren edukiak ulertzeko. Kasu horietan marrazkiak oso erabilgarriak dira, modeloak eraikitzen laguntzen baitute. Jarduera hauek egitean, gaian zehar landutako edukia modu bisualean eta euskaraz lantzeko aukera zabaltzen da.
Natura-zientzien ikuspegitik
Edukia lantzen da: ikasle bakoitzak marrazkian elementuak identifikatuz.
Arte-hezkuntzaren ikuspegitik
Koloreak eta ehundurak landu
Baliteke arte-hezkuntzaren ikuspegitik honek izatea karga gutxien, nahiko lan erreproduktiboa baita. Dena den, koloreen erabileraren aldetik landu daiteke, edo agian baita ehunduren ikuspegitik ere.
3
3. Mandala propioak landu: gaia landu ostean
Ikasleek jada eduki zientifikoak landu dituzte, baina, sarri, edukien ulermena landuz ez da ikasleen benetako ulermena neurtzen, horren ordez galdera bati emandako erantzunaren zuzentasunari erreparatzen baitzaio. Nola neurtu ikasleak benetan zerbait ulertu duen edo testua edo liburuko irudia bera buruz ikasi duen?
Ildo horretan, jarduera honetan ikasleek berek sortu beharko dute mandala bat, baina baldintza batekin: gelan landutako edukiak agertu behar dira.
Gainera, mandalak egitean erabakiak hartu behar direnez, hausnartzeko aukera ere ematen du mandalak egiteak eta justifikatzeak. Izan ere, mandala egin ondoren, hartutako erabakiak azaldu ditzakete ikasleek eta marrazkiarekin zer adierazi nahi zuten zehaztu.